Denbora-lerro honek Bizkaiko mugimendu lesbofeministaren historia biltzen du sorkuntzaren alorreko une gogoangarrien bidez, 70eko hamarkadatik gaur egunera arte. Datak, irudiak, kartelak, argitalpenak, bideoak eta testuak erakusten ditugu, lesbofeminismoaren ekintza politiko eta sormen-ekintzen garrantzia azpimarratzeko asmoz.
Artea eta sorkuntza hartuko ditugu abiapuntutzat, izan ere, baliabideok bestela abstraktuak gera daitezkeen diskurtso eta ideiak zehazten baitituzte. Hala, lesbianek sormenezko hizkuntzarako duten gaitasunak beste erreferente batzuk sortzeko beharrizan soziopolitikoari erantzuten dio, erreferente hegemoniko zisheteropatriarkalak alde batera utzita. Zeintzuk dira kolektiboak sortu dituen imajinarioak? Zein tresna artistiko erabili ditu horretarako? Nola bideratu dira diskurtso lesbofeministak sormenezko adierazpenen bidez?
Partekatu eta denon artean sortu dugun prozesua izan da. Irakurri, artxibategietan bilatu eta Bizkaiko kolektibo lesbofeministekin lotura duten pertsonekin izandako elkarrizketen haritik tira egin dugu. Euren bizitzarekin,
aktibismoarekin eta sormenarekin, guztion artean idazten dugun mugimendu lesbikoaren denbora-lerro horri ekarpena egin dioten pertsona guztien artean medium lanetan aritu da Histeria. Eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula sistematikoki gure bizitza ikusezin bihurtzen duen gizartean itzala uztea. Beraz, biziki eskertzen diegu, aurreko lesbiana feministei, oraingoei eta, aldez aurretik, etorkizunekoei, euren lan sortzaile eta politikoa.
«Salda Badago» Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministak direla eta, Bizkaiko denboraren lerro horren ikerketa Hego Euskal Herriko gainerako probintzietara zabaldu genuen, jardunaldietarako lau «espazio-denborak»
barne hartzea egokia iruditu zitzaigulako. Ez dugu behar adina baliabide izan horietan guztietan sakontzeko, eta hortik sortu den horma-irudia eskuragarri dago nolabait osatu, partekatu, ezagutarazi edo zaindu nahi duzuenontzat. Alde horretatik, denbora-lerroaren horma-irudian informazioa gehitu nahi duen edonork esku hartu dezake. Esku artean duzun proposamen hau 2018ko azaroan Bilbon antolatu zen Puro Bollo arte eszeniko lesbofeministen jaialdiaren ekoizpen-prozesuan zehar sortu zen. Geure burua aktibismo lesbofeministaren genealogian kokatzeko beharra genuen, mugimenduaren ibilbidea eta bertan dugun parte-hartzea ulertzeko. Orain, prozesu honen amaieran, Bizkaiko aktibismo lesbikoaren bidea liburu honetan jasota geratzen da, beste batzuek berriz eguneratu arte…
Goza ezazue.
DESKARGAK #26A IKUSGARRITASUN LESBIKOAREN EGUNA
Paperezko bertsioa interesatzen bazaizu, abisatu inprimaki hau betez.
Aurkezpen bideo bat egin dugu, gehiago jakin nahi baduzu…
BIDERATZAILEAK
UDANE HERFER
Gizizarte-hezitzailea eta berdintasun teknikari moduan, sexu eta genero aniztasuna jorratzen dut. Azkeneko urteetan ikertzailea eta hezitzailea moduan lan egin dut aipatutako arloetan, batik bat, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin eta intersekzionalitate ikuspuntutik.
Psikogorputz terapeuta eta trans-pertsonala “Rio Abierto” sistema ikasi nuen eta hortik aurrera, nire egitekoak gorputzetik eta sorkuntzatik lantzea guztatzen zait.
MERI SALAZAR
Nire jarduera kultur ekoizlea izatean datza, gehien bat euskal testuinguru soziokulturalaren baitan. Gizartean eta esfera kulturalean ikusten ez diren diskurtso politiko eta aldarrikatzaileak ikusgarri bihurtzea dut gustoko. Horretarako programatu, finantzaketa bilatu, planifikatu, ekoiztu, komunikatu, lagundu eta ebaluatzea ezinbestekoa da. Behin eta berriro jorratzen ditudan gaien artean feminsimoak eta desioak daude.