May Serrano Fuertes:
May Serrano naiz, eta 1970eko urrian jaio nintzen. Egun hartatik gauza asko ikasi ditut, jende asko ezagutu dut, maitasuna eta
gorrotoa ere bai, atera egin naiz, eskolara joan naiz, ikastaroak eta ikastaroak egin ditut, gida baimena lortu dut…
Aita-ama ditut, 4 ahizpa eta iloba bat, lehengusu mordo, eta aitona-amona guztiak ezagutu ditut. Herrialde askotara bidaiatu dut eta zenbaitetan bizi izan naiz. Hogei bat aldiz aldatu naiz etxez. Itsasoan biluzik bainatu naiz, mendian ibili naiz, eguzkia hartu dut eta azala erre dut krema ez emateagatik.
Lagunentzako eta familiarentzako bazkariak prestatu ditut, eta beraiek ere niretzat prestatu izan dituzte.
Zenbait soineko egin ditut. Barre asko egin dut. Negar malkoak ere bota ditut. Bihotza nola izozten zitzaidan sentitu dut. Baita nola urtzen zen ere… Jendaurrean antzeztu dut, eguneroko antzerki asko egin dut… Nire buruarekin ezkondu naiz. Betirako maitasuna zin egin diot nire buruari, zaindu eta errespetatuko dudala bizitzako egun guztietan. Noizbehinka adarrak jartzen dizkiot nire buruari. Goizero, jaikitzean, bizirik egotea eskertzen dut eta segundo guztiak gozatuko ditudala zin egin diot nire buruari. Askotan ez lortu arren…
Oporretako itzulera familia bereko emakume talde batek inauguratuko du, eta elkarrekin eta gogo handiz, sorkuntza izango dute beren autobiografien itsasoak zeharkatzeko bela, eta beste emakume batzuen uretan ibiliko dira arraunean, lanbiderik zaharrenetako baten inguruan biltzeko, ehuntzeko. Josten duten (eta dugun) bitartean, kontakizunak partekatuko dira, berriak
sortuko, tea eta opilak hartuko ditugu, irribarre eta barre egingo dugu, eta begirunerik eta maitasunik gabe sortutako estereotipoek eta txutxu-mutxuek eragindako kalteak garbituko dira, astunegiak dira eta soinean eramaten jarraitzeko.
Elkarren konpainiaz disfrutatu nahi dugu, eta munduari esan ez garela arriskutsuak; espazioak okupatu, ezagutzera eman, gure burua adierazi eta agerian jarri nahi dugu. Horregatik, bakoitzak lekukotasun bat aukeratuko du bildutako guztietatik, eta diziplina ezberdin batetik kontatuko du: EZBERDINAK garelako.
Behin eta berriz esaten diguten beste gauza bat: “ze desberdinak zareten!”. Berdinak izan behar dugu, ala?
“Kolektibo Serrano” baten barruan gaude eta uniformez jantzi beharko ginateke, ala? EMAKUMEOK, kolektibo gisa, ez al dugu norbanako independente moduan garatzeko eskubiderik, pertsona moduan osotasunean garatzeko eskubiderik?
Jakin gabe, proiektu hau duela 45 urte hasi zen; ahal dugun guztietan biltzen gara, eta norbaitekin elkartzen zarenean egin ohi dena egiten dugu, hau da, jolastu, barre egin, errieta egin, asmatu, pintatu, grabatu, mundu hobe bat pentsatu. Elkarrekin “Mamá, me ha venido la regla” liburua sortu dugu, eta “Feliciana” dugu bidean, etxean geratuko diren performace ugariz gain.
Egiteke, pentsatzeke… Topaketa eta sorkuntza Gunea da, eta emakume mota guztientzat dago zabalik. EMAKUMEOK ez dugu kolektibo bat osatzen, ez dugu zertan berdinak izan, ez gara batera mugitzen, ez ditugu gustu berdinak, ezta behar berdinak
ere. Ezberdinak gara, mota askotakoak, eta elkarrekin ez gara garaitu behar den jomuga. Proiektu honek jostera etorriko diren emakume guztien lekukotasunak eta istorioak ikusi, entzun eta bildu nahi ditu. Te bat, gailetak, orratza eta haria. Gonbidapena irekia da. Artistek bakoitzari heltzen zaiona ikusi eta jasoko dute, eta nahi duten diziplina bihurtuko dute: bideoa, ilustrazioa, antzerkia, performancea, dj saioa. Parte hartu nahi duten emakumeentzat egongo da zabalik. Lantaldea familia bereko 5 emakumez osatuta dago, 45 eta 12 urte bitartekoak.
Gure egonaldiaren helburuak:
Ondo pasatzea
Elkarrekin egotea
Besteekin partekatzea
“Arrisku bat gara” aurreiritzia hankaz gora jartzea
“Guztiak berdinak gara” estereotipoa aldatzea
Behin eta berriz esaten diguten beste gauza bat: “Baina ze desberdinak
zareten!”. Zergatik izan behar dugu berdinak?
Beraz, oporren ondoko sindromea jarraika baldin baduzu, gainditzen lagunduko dizun emakume talde bat izango dugu Karpinterian. Jostea eta hitz egitea bezain erraza…