5 EGONALDI
Tunipanea
sombrero tetera
tuni

Jonathan García Lana a.k.a. Tunipanea (1985, Hasselt, Bélgica) soinuaren inguruan lan egiten duen artista intermedia da. Bere ikerketa independentea eguneroko teknologiari erabilera berri bat ematean datza, adierazpenezko tresna eta eraikuntza sozialerako tresnak bihurtuz. Bere soinu tramankulu propioak eraiki eta interpretatzeko, aurkitutako objektuak, osagai elektronikoak eta material industrialak erabiltzen ditu. Eta horri, aukera berriak sortzeko ezinbestekoa den osagai emozionala eta gaur egun teknologiaz egiten dugun erabilerari buruzko galderak gehitzen dizkio.
Arte Ederretan lizentziatua da EHUko Unibertsitatean, eta Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboko gradu ondoa ere badu. Aldi berean tailerrak eta hitzaldiak ematen ditu hainbat tokitan, esaterako, Artiumen, Guggenheim Museoan, Kunst Universität Linzen, EHUko Arte Ederretako fakultatean,
Getxoko Antzerki eskolan edo Bilboko Alhondigan.

Dotoretasuna eta birziklapena ez dira inoiz bateraezinak izan, jakin-mina arterik originalenaren lagun fidela den bezala. Tunipaneak sortzaile sena du, eta melodia sortzeko gai da baita garbigailu baten zentrifugagailuarekin ere. Bere sormen lanak paregabeak dira; musika-tresnak asmatzen ditu (literalki) objektu
bitxienekin. Badaki zorrozkailurik gabe zorrozten eta soinurik gabe jotzen. Eta ez da poesia… bere tresna baten azalpena baizik, leihoko arparena; haizeak jotzen dionean, etxe bat bete dezake melodiaz.
Oso ondo ezagutzen dut Tuniren lana, izan ere, urtetan pisu-kideak izateaz gain, 2013 inguruan Elektropoetika talde bat (“El sonido de las Entrañas“) osatu genuen. Gizon zehatz-zorrotza da, zehetasun, zirkuitu, mekanismo eta jakin- minez betea. Ideia aldrebestuak eta bikainak ditu, oinarri zientifiko, artistiko eta
arbitrario batekin beti. Hori dela eta, bere lanak originalak, oso pertsonalak, inguruabarren arabera ezberdinak eta, bitxiki, harrigarriak dira. Haizetik hasi eta soka, musika elektronikoa eta perkusioraino, automatismoa eta landarez eta puru kutxez egindako instalazioak… Zarata zentzuzkoa bihurtzen du, hau da,
hizkera. Eta tresna oso bitxiak erabiltzen ditu, soinua eta zergatik ez bizitza ulertzeko duen modua bezain bitxiak.
Pasaden 2015ean BilboArteko egonaldietan parte hartu zuen; Rizoma(ta) eratzen ibili zen, naturaren garapena eta jarduera-parametroak emulatuz irudia zein soinua sortzen dituen gailu-sorta bat.
Tunipanearen ikerketa eta sorkuntzari buruzko beste ezaugarri aipagarri bat dimentsio bisualarekiko duen kezka-jarduera da. Ikus-entzunezkoa dela esan genezake, hitzaren zentzurik analogikoenean.

Ekainaren 15etik 30era, egonaldia partekatuko dugu berriro, baina oraingoan ez da Marzana kalean (16 1D) izango, baizik eta Cortes 29-31 4.F helbidea izango da gure bizikidetza eta topaketa gunea. Eta ez gurea bakarrik… zuek ere gonbidatuta zaudete eta. Tunik hamabostaldi honetarako duen proposamenak itxura interaktiboa hartuko du. Soinuzko materia bihurtzen dituen ideia horiek badute beste ezaugarri bat, jakin gabe jo daitezkeela; “zuzen” eta “oker” desagertu egiten dira, armonia eraldatu egiten da ekintza inkontzienteari esker eta edonor abiatu daiteke melodiak sortzeko bidaia horretan. Hori da hain zuzen Tunipaneak proposatzen duena. Musika tresnak jaitsiko ditu bere
lokaletik (bera bosgarren solairuan dago, eta gu azpikoan), eta soinu asmakuntzan murgildu nahi duten guztien eskura jarriko ditu. Tresnak itxuraz errazak eta emaitzei dagokionez zailak direnez, jotzen diren lehen aldia ahaztezina da.
La Karpinteria soinu-tresnez beteko da, zuen eskura, eta ez zarete bakarrik egongo, Tuni bertan izango baita zuen jakin-mina asetzen laguntzeko. Egun zehatz batzuetan (ekainaren 17tik 30era), Tuniren erresidentziaren ateak irekiko dira, beraz bere tresnak probatzera eta horiekin jolastera etor zaitezkete. Antolatzea eta etorkizuna prestatzea beharrezkoa duzuen
horietakoak bazarete, aurretik bere webgunean nabigatu dezakezue eta proposamenen bat ekarri. Kasu horretan,denbora-tarte bat gordeko zaizue (4 ordu gehienez), jolas dezazuen. Izena emateko,eskaera erraz hau bete ezazue, mesedez.
Eta honekin eta nidofono batekin, zuen jakin-min esperimentalenaren esperoan gaude.

Residencias 2016