Camila Téllezek Transición primaveral prozesuaren zati bat ireki du eta bihar lehen hiru kapituluak ikusi ahal izango ditugu Mujeres Desenredando Violencias VI. Jardunaldien barruan.
19: 00etan izango da, hika Ateneon (proiekziorako lekurik erreserbatuta ez duzuenontzat: sarrera doan, lekua bete arte)
Mujeres Desenredando Violencias-en baitako proposamen artistiko honen parte diren ikerkuntza-elementuak banpirismoak queertasunarekin duen harremanean, autobiografian eta gorputzaren memoria subjektibitate propioak berreraikitzean garatzen dira.
Hamabi urterekin hilekoa jaitsi zitzaionean, haurtzaroa amaitu zitzaiola eta esleitu zitzaion generoa onartzera behartuta zegoela ikusita, artista hau banpiro baten moduan jokatzen hasi zen: letaginen protesi bat erabiltzen, gauez esna egoten, haragia bakarrik jaten eta odola ordezteko ketchupa erabiltzen. Ez da batere ohikoa hamabi urteko neska bat nerabe bihurtzean bere burua indarkeriazko figura batekin identifikatzea, inposatutako arau eta egiturei ihes egiteko bide moduan. Banpiroaren figura, ziurrenik maskulinitate/hierarkia figura batekin lotua inozentzia eta konformitate garai batean, autoadierazpenerako irtenbide izan zitzaion: Hilekoaren esperientziaren bidez onartutako rolak alderantzikatzen dira, eta monstruazio-esperientzia bat bihurtzen da.
Ikerketa honetan, artista bere haurtzaroko esperientziaren remake-a egiten saiatzen da memoriaren bidez eta bere buruarekin birkonektatzeko eta bere mito pertsonala birkonfiguratzeko helburua duen auto-galdeketa baten bidez, horrela, higuingarria bezain zaurgarria den «rol bikoitz» horretatik hitz egiteko. Eguneroko galderak egiten dizkio, adibidez zer jan duzu? zer daramazu jantzita?, eta intimoagoak diren beste batzuk, hala nola noiz jaitsi zitzaizun hilekoa lehenengo aldiz? Galderak nork egin eta nork erantzuten dituen ez da esaten. Banpiro bat al da? Edo beste norbait da, bere erruduntasuna estaltzeko banpiroa salatu nahi duena? Nola aldatzen dira botere eta subordinazio rolak? Gorputz bakarrak aldi berean aldarrikatu al ditzake biak?
Proiektu honek Eszter Katalin artistaren laguntza du. Artista horrekin batera Vampyring tailerra garatu du, Transición primaveral-en egindako lanaren emaitza.
Camila Téllez (Txile, 1982). Bilbon bizi da. Artista transdiziplinarra. Haren azkeneko lan artistikoan bera bizi den espazioetako identitate adierazpen desberdinak ikertzen ditu, bai eta entzuleekin eta publikoa denarekin dituen harreman ikusezinak ere, hainbat lekuen bitartekotza-proposamenetan.